Igande goizean ekitaldi berezia izan da Hibaika arraun elkartean. Bertako batel bati "Etxetxo" baserriaren izena jarri diote, memoria historikoaren harira.
1936ko uztailaren 27an Etxetxo baserriko Maria Oiartzabal eta bere hiru semeak, Txomin, Xebastian eta Enrike, akabatu zituen frankisten aldeko komando batek, koldarki, atzetik tiro eginez, eta bidean abandonatu zituzten laurak, lurrean botata, eta aurrerantz jarraitu zuten, ezer egin ez balute bezala.
Gaur-gaurkoz inork ez du justiziaren aurrean ordaindu egindako krimen hori, eta inork ez du barkamenik eskatu familia bereko 4 kide inolako errurik gabe akabatzeagatik.
Gaurko egunean Pedro Usabiaga, Etxetxo baserriko ondorengo zaharrenak Etxetxo izena estaltzen zuen bateleko ikurrina zabaldu eta momentu hunkigarria bizi izan du, etxeko guztiak inguruan zituela.
Familiako ordezkari batek adierazi duen bezala, Etxetxo memoria historikoaren parte da, eta ez dugu inoiz ahaztu behar gertatu zena, hori baita berriro gertatu ez dadin ziurtatzeko modu bakarra. Errespetua, elkarbizitza eta bakea da bide bakarra.
Familiak eskerrak eman dizkie Hibaika arraun elkarteko presidente den Jon Otegiri, ekitaldia bideratzen lagundu duen Jon Iriondori eta bertaratu diren Hibaikako kide guztiei Etxetxo izena batelari jartzeagatik eta ekitaldia aurrera eramateagatik.
Halaber, eskertza luzatu diete ekitaldian parte hartu duten Etxetxo memoria historikoaren ordezkariei eta Xabier Vesga txistulariari.